
Portuaren historia etengabe itsasora hurbildu duen bidaiarena izan daiteke. Duela zazpi mende, portuaren eta hiriaren sorrera nahastu egiten dira. Mareez baliaturik, garaiko ontzi txikiak itsasadarraren uretan gora joaten ziren Bilboko Alde Zaharreraino, hiribilduaren erdigunean bertan salgaiak kargatzeko eta deskargatzeko. Orduan eta gero ere hainbat mendetan, portua Gaztelatik eta Ebro haranetik zetozen salgaiak kanpora igortzeko erabili zen batez ere.
Baina, Bilbok bizi izan zuen garapen ekonomiko eta industrialak itsasadarrean behera obra berriak egiteko beharra sortu zuen, izan ere, Nerbio itsasadarraren inguruan sortzen ari ziren enpresa siderurgikoetaraino zingo handiagoko itsasontziak iritsi ahal izateko burutu behar izan ziren obrok. 1887. urtean, Portuko Obra-Batzordeak lehenengo obra garrantzitsua egin zuen, Portugaleteko Burdinazko Kaiaren eraikuntza hain zuzen ere, eta itsasontziak itsasadarrera sartzeko zeuzkaten arazoak behin betiko konpondu zituen.
Eta 1902. urtean, hurrengo urteetako jardueraren garapenerako oinarri-oinarrizkoa izan zen obra berri bat inauguratu zen: kanpoko portua, hau da, ur-azalera zabal eta handia lortu zen Santurtziko kai-muturraren eta Algortako kontrakaiaren babespean.
Azkenean Portua itsasora iritsi da, eta itsasoak kontinenteko porturik handienetariko bat izateko parada eman dio. Kanpoko portuko barraderen babesean morru eta kai berriak egin dira, 1994. urtean Porturi probetxu guztia atera arte. Urte batzuk lehenago, 1985ean, Lucero lur-muturreko barradera egin eta Kanpoko Abra itxi egin zen, eta bertako bukaerako petrolio-ekoizkinen estazioek portu zerbitzuen eskaintza osatu dute.
Horrela, bada, 1985. urtean Portua hurrengo urteetako hazkunde-estrategiaren plangintza egiten hasi zen, eta, betiko zaletasun industriala ahantzi gabe, merkataritza-jardueraren alde egin zuen. Horretarako, derrigorrezkoa izan da behar beste babesturiko ur, kai-luzera, ur sakonera eta etekin handiko manipulazio eragiketak egiteko lur-azalera handiak izatea.
Portuaren zabalkundea 1993. urtean hasi zen.. Lehenengo fasea amaitu zenean, 1998. urtean, 150 hektareako lur-azalera eskuratu zen eta kilometro bateko atrakatze linea, 20 metroko zingoekin.
Lur-azaleraren eskaera oso handia da oraindik ere, eta, horregatik, aurrerantzean ere kai berriak eraikitzeari ekingo zaio erritmo bizian, egungo portu berriek bete behar dituzten baldintza guztiak Bilboko Portuak ere bete ditzan hain zuzen ere.
Horrezaz gain, portu-jarduera itsasadarraren ahora eraman izanari esker, metropoliak hirigintza-balio estrategiko handiak daukaten lurrak berreskuratu ditu. Hiriarentzako onura horren adibiderik garbiena Abandoibarrakoa da, Bilboko erdigunean. Gune horretan Portu Agintaritzak utzi dituen lurrek aukera ugariko zentzuzko antolaketa ahalbidetu dute. Gaur egun, Abandoibarra Bilbok daukan aukerako gunea da, non Hiribilduaren Negozio-zentroa osatzen ari baita itsasadarraren bazterrean, aldamenean Guggenheim eta Euskalduna Jauregia dauzkala.
Garapen horren eragina dagoeneko nabari da Bilboko kaleetan. Guggenheim Museoak ateak zabaldu zituenetik, Bilbok ematen zuen finantza- eta industria-hiriaren irudiari beste berri bat gaineratu zaio: bertako kultura-eskaintzak erakarritako nazioarteko turismoaren helmuga bihurtu den hiriarena.
Portuak, bestalde, eraldaketa horri esker, bere zerbitzu-eskaintza zabaldu du, izan ere, Atlantikoko Europako kruzeroen geldialdi-tokia bilakatu denez gero, orain arte kanpo uzten zuten ibilbide turistikoetan tokia hartu du.
Zazpi mendetan elkar harturik bizi ondoren, berriro ere agerian gelditu da Hiribildua eta Portua, iraganean bezalaxe, orain eta geroan ere erabat uztarturik biziko direla……