Bihar —maiatzak 7, asteazkena—, Grimaldi ontzi-konpainiako Grande Francia ontzia —Bilboko Portuan Condeminas Norte itsas agentziaren bidez (Berge taldea) ordezkatua— Bilboko Portutik Dakarrera bidean irtengo da, misio solidarioan. Laguntza humanitario horren bidez, Afrika ekuatorialeko zenbait herrialdetara (zehazki, Ginea Bissau, Burkina Faso, Mali eta Nigerrera) materiala bidaliko da, hango zenbait elkarte eta GKEk dagokien lan humanitarioa egin dezaten Afrikako herrialde horietan.
Conductors Solidaris de Catalunya (CSC) GKEak antolatutako bidalketak errepidez egin zuen Bartzelonatik Bilborako bidea, eta 25 tona laguntza humanitarioz osatuta dago. Besteak beste, material hauek bidaliko ditu: osasun-tresnak, gurpil-aulkiak, eskolako materiala eta ordenagailuak. Horrez gain, 250 bizikleta eta zortzi ibilgailu ere eramango dira: lur orotako ibilgailu bat, kamioi handi bat, bi anbulantzia, bi mikrobus eta bi autobus, guztiak laguntza humanitarioko materialez beteta. Ibilgailu guztiak aipatutako Afrikako lau herrialdeetan geratuko dira. Autobusak anbulatorio mugikor gisa eta ura aztertu eta edateko ur bihurtzeko laborategi gisa erabiliko dira.
Gaur egun, Bartzelonako eta Dakarreko portuen artean ro-ro ontzien linea erregularrik ez dagoenez, Bilboko Portutik egingo da bidalketa, eta Grimaldi Lines ontzi-konpainia arduratuko da ibilgailu guztiak itsasoz garraiatzeaz. Grande Francia ontziak 214 metroko luzera du, eta merkantzia asteazkenean, hilak 7, ontziratuko da, 11:30etik aurrera. Hala, etorkizunean Bilboko Portua Afrika ekuatorialarekin itsasoz elkartuko duen korridore logistikoa sortzeko lehenengo pausoa eman da. Korridore horren bidez, Afrikako iparraldean hasten den ohiko lurreko ibilbidearen ordezko alternatiba seguru bat sortuko litzateke; izan ere, segurtasun arrazoiengatik linea hori ez erabiltzea gomendatu diete Europako boluntarioei.