Bilboko Portuko Logotipoa

B.P.Ak lehendakariordetzan jarraitzen du Hiri eta Portuen Elkarteko Batzordean

Bilbon, 2009ko ekainaren 23an. Bilboko Portuko Agintaritzak administrazio-kontseiluko kide izaten jarraituko du Hiri eta Portuen Nazioarteko Elkartean (HPNE), eta lehendakariordetzari eutsiko dio haren zuzendaritza-batzordean. Hala erabaki zuen erakunde horrek Reykjaviken, Islandiako hiriburuan, joan den ostegunetik larunbatera bitartean egindako batzar nagusian. Bilboko Portuko Agintaritzaren izenean, lehendakariorde jarraituko du, beraz, hirigintzako eta nazioarteko harremanetarako zuzendari Fernando Revueltak.

Batzar nagusian bertan, Bilboko alkate Iñaki Azkunak utzi egin du HPNEko lehendakaritza, azken lau urteetan postu hori bete ondoren, eta orain Frantziako Le Havre hiriko portuko presidente Jean-Pierre Leconte izango da lehendakari. Bilboko Udalak, nolanahi ere, erakundearen administrazio-kontseiluko kide izaten jarraituko du.

Gaur egun, 37 herrialdetako 200 kide baino gehiago ditu Hiri eta Portuen Nazioarteko Elkarteak (HPNE). Administrazio-kontseilua 33 erakundek osatzen dute. Haietako 12, hirien ordezkari dira; beste 12, portu-agintaritzen ordezkari, eta gainerako bederatziak, berriz, elkargo profesionalak (arkitekturakoak, unibertsitatekoak…) eta organo sektorialak dira, hala nola merkataritza-ganberak, Bilbao Ria 2000 eta Jaiskibia.

Batzar nagusian 16 herrialdetako 130 ordezkarik hartu zuten parte, eta, gobernu-organoak berritzeaz gain, ekonomiari eta ingurumenari dagozkion gaiak eztabaidatu zituzten. Ekonomiari dagokionez, portu-hirien turismo-ahalmenak eta gurutzaontziak sartzeak alde horretatik ekar ditzakeen aukerak aztertu ziren batzarrean. Horretaz gainera, aztertu zen turismorako zer aukera eskaintzen duten itsasertzak, hiri-paisaien kalitateak eta portuko jarduerak berak.

Ingurumenari dagokionez, aztertu zen zer bilakaera izan duen iraganean portuak hartzen zuen eremuak, eta zer ahalmen duen etxeak eraikitzeko edo xede turistiko eta kulturaletarako. Alde horretatik, batzarra egin den hiriak, Reykjavikek, bere portu-eremua birmoldatzeko proiektua aurkeztu zuen, bere garaian Bilbok Abandoibarrako proiektua aurkeztu zuen bezala.


© Bilboko Portu Agintaritza
BILBOKO PORTU AGINTARITZA
Campo Volantín, 37 - 48007 Bilbao - Bizkaia
Tfnoa. 94 487 12 00 - Faxa 94 487 12 08
¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!