Gurutzaontzien zirkulazioa areagotzeko asmoz, Bilboko Portuko Agintaritza gogotsu jardun da Seatrade Hamburgon, Europako gurutzaontzien azoka handienean. Cruise Atlantic Europe osatzen duten portu guztietako ordezkariekin batera egon da stand batean.
Lan-gosarian azaldu zuten elkarrekiko proiektua, Europako Ekonomia Erkidegoak dagoeneko onartua. Sektoreko hainbat ordezkari izan ziren ekimenean, eta elkartearen helburua azaldu zieten guztiei: Atlantikoko eremua gurutzaontzien lehentasunezko helburu bihurtzea.
Gosaldu ondoren, proiektuaren bazkide diren portuetako ordezkariak berriro elkartu ziren, beste gai batzuei ekiteko. Besteak beste, turismo-produktuen garapenari buruz aritu ziren, teknikoki eta ekonomikoki aztertzeko, marketin-plana zehazteko eta etorkizunerako elkarrekin egiteko proiektuak ezartzeko.
Cruise Europek (horko partaide ere bada Bilbo), bestalde, ehun kide baino gehiagori dei egin zien, azokan, apirilean Vigon eginiko bilera baloratzeko eta aurrerantzean egingo dituen ekintzak ezagutarazteko.
Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariak gustura itzuli dira Hamburgotik, gurutzaontzientzat helburu interesgarria iruditu baitzaie Bilbo bisitariei. Aste honetan bertan, beste gurutzaontzi bat —Astor— iritsi da Bilboko Portura. Lehen aldiz gelditu da Bilboko instalazioetan. Kapitaina harrituta geratu zen portuko lanetan ikusi zuen azkartasun eta eraginkortasunarekin. Bidaiari gehienak alemaniarrak ziren, eta interes handia erakutsi zuten gure lurra eta kultura ezagutzeko.
Aurten, bidaiari alemaniarrak zekartzaten gurutzaontzi ugari iritsi dira gure portura, eta aurrerantzean are gehiago izatea espero du Portuko Agintaritzak. Aurtengo aurreikusitako hogeita hamar gurutzaontzietatik, sei daude oraindik iristeke.