Bilbo, 2007ko abenduaren 14a. Bilboko Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluak, gaurko saioan, Abra Terminales Marítimas (ATM) enpresaren emakida-azalera zabaltzea onartu du; hala, aurrerantzean 337.000 metro karratu izango ditu enpresa horrek Bilboko portuan, edukiontziak erabiltzeko eta pilatzeko. Urtean gutxienez 247.400 TEUko zirkulazioa aurreikusten du enpresak.
Bestalde, gai-zerrendako beste puntu batean, portuaren hedatze-lanetan egindako 2. kaia itsasoko autobideak egiteko erabiltzea erabaki du Kontseiluak, joan den urrian onartutakoaren arabera, orduan egokitzat jo baitzen zerbitzu hori portuarentzat. 2007-2011 arteko Inbertsio Planak barnean hartzen duen Distantzia Laburreko Itsas Garraiorako emakida-azalerak berrantolatzeko atalaren barruan dago erabaki hori; kaian lortu nahi den helburua betetzeko jarduera administratiboei ekiteko hartutako erabakia da.
2. kaian, Transfennica ontzi-enpresa irailean hasi zen itsasoko autobide-zerbitzua ematen Bilbo eta Zeebrugge artean; astean hiru irteera egiten ditu.
Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluak urteko azken batzarra egin ostean, kontseilariek elkarrekin bazkaldu dute, eta han izan da Nuria López de Guereñu, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lanetako sailburua.