Bilboko Portuko Logotipoa

Bilboko Portuko Agintaritzari esker, itsas bidaien Europako azoka garrantzitsuenean egongo da Euskadi

Bidaiari-ontzien zirkulazio handiagoa lortzeko asmoz, Bilboko Portuko Agintaritza Seatrade Europe Hamburgo azokan izango da, itsas bidaien Europako azoka garrantzitsuenean, sustatzeko ontzi horiek Bilbo har dezaten bidaia hasteko eta amaitzeko puntu gisa.

Irailaren 15etik 17ra, eta Cruise Atlantic Europe ekimena osatzen duten Arku Atlantiko beste zortzi porturekin standa partekatuz, Bilboko Portuak itsas bidaietarako duen azpiegitura aurkeztu, eta Euskadik mota horretako turismoarentzat duen erakargarritasun bizia nabarmenduko du.

Aurten, hogeita hamar bat ontzik —35.000 bidaiarik— atrakatuko dute Bilboko Portuak Getxon dituen instalazioetan. Cunard konpainiaren Queen Mary 2 itsasontzia izan da izar handia denboraldi honetan; 345 metroko luzera duen ontzi hori uztailean etorri zen lehendabizikoz Euskal Herrira.

Lan-gosaria

Seatrade Europe azokan Cruise Atlantic Europe ekimenak egingo dituen sustapen-ekintzen artean, nabarmentzekoa da ekimenaren helburuak eta taldea osatzen duten portuen eskaintza aurkezteko egingo duten gosaria babestea. Elkarte horren helburu nagusia da Europako Atlantikoko eremua indartzea itsas bidaien merkatuan, turismo-produktu berriak sortuz eta sustatuz. Horien bidez, Atlantikoko kulturaren eta identitatearen alderdi espezifikoen balioa nabarmentzen da, portu-sare baten elkarlanaren bidez.

Seatrade Europe itsas bidaien sektoreko Europako erakusleiho handiena da, 250 erakusketarirekin baino gehiagorekin. Erakusketarekin batera, hitzaldien programa zabal bat ere egingo da; hitzaldi horietan, besteak beste, gaur egun sektoreak duen egoerari eta etorkizunari buruz hitz egingo da, baita ontziak eraikitzeari buruz, araudiei, astialdi-joera berriei eta mota horretako zirkulazioak dituen erronkei buruz ere.


© Bilboko Portu Agintaritza
BILBOKO PORTU AGINTARITZA
Campo Volantín, 37 - 48007 Bilbao - Bizkaia
Tfnoa. 94 487 12 00 - Faxa 94 487 12 08
¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!