Bilboko Portuko Logotipoa

Bilboko Portuan Europako Portuen Azterketa Ekonomikoen eta Estatistiken Batzordearen bilera egingo da irailean

Bilboko Portuko Agintaritzan egingo dira, irailaren 23an eta 24an, Europako Itsas Portuen Erakundearen (ESPO) Azterketa Ekonomikoaren eta Estatistiken Batzordearen lan-bilerak. Batzordearen helburua da ESPOri asistentzia teknikoa eta laguntza ematea zeregin hauetarako: estatistika-datuak eskuratzea, azterketa ekonomikoak, zirkulazioaren prognosia, benchmarking-eko azterketak eta Europar Batasunak (EB) emandako estatistika-direktibei jarraitzeko aholkularitza.

EBko Garraio Zuzendaritzako, EUROSTATeko (EBren estatistika-erakundea) eta Europako portu nagusietako ordezkariak daude batzordean. Portu horietatik, hauek ziurtatu dute Bilbora etorriko direla: Göteburgekoak, Rotterdamekoak, Amsterdamekoak, Anbereskoak, Bremengoak, Londreskoak, Le Havrekoak, Dunkerkekoak, Pireokoak, Tesalonikakoak, Dublinekoak, Lisboakoak, Britainia Handiko Portuen Elkarteak eta Estatuko Portuen Erakunde Publikoak.

Lehenengo egunean, gai hauek jorratuko dira: portuen eragin sozioekonomikoa, portuen errendimenduaren adierazleak eta EBk egindako berrikusketa Europaz bestaldeko garraio-sareetan portuek duten posizioaren gainean; horrez gain, Ro-Ro kargaren zirkulaziorako neurketa-unitate estandarrak ere aztertuko dira, EBko Garraio Zuzendaritzaren eta EUROSTATen garapen estrategikoak eguneratu, eta estatistika-datuak trukatzeko prozedura berrikusi.

Bigarren egunean, workshop bat egingo da portuen errendimenduaren adierazle garrantzitsuenak aztertzeko, portuko agintaritzen eta erabiltzaileen ikuspuntutik eta EBren testuinguruan. Bilboko Portuko Agintaritzaren lehendakari José Ángel Corres Abasolo jaunak emango dio hasiera bilerari, eta ESPOren idazkari nagusi Patrick Verhoeven jaunak amaituko du, bileran ateratako ondorioak emanez.

Eta bi eguneko lanari amaiera emateko, Santurtziko eta Zierbenako instalazioetarako bisita antolatu du Portuko Agintaritzak.

Taldea sortu zuen portuetako bat da Bilbokoa. 1988an sortu zen taldea, Europar Batasunak estatistika-datuak tratatzeko gomendioak eta aholkularitza eskatu zizkienean portuei. Hasieran, Community Ports Working Group izena hartu zuen, eta, gerora, Europako Portuen Erakundea (ESPO) sortu zenean, ESPOren aholku-batzordeen barruan sartu zen, Garapen Iraunkorraren Batzordearekin, Garraio Intermodalaren eta Logistikaren Batzordearekin eta Portuko Segurtasun eta Politikaren Batzordearekin batera.


© Bilboko Portu Agintaritza
BILBOKO PORTU AGINTARITZA
Campo Volantín, 37 - 48007 Bilbao - Bizkaia
Tfnoa. 94 487 12 00 - Faxa 94 487 12 08
¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!