Bilbo, 2007ko azaroaren 8a._Egin diren inbertsioei eta Bilboko Portuko Agintaritzaren sustapenari esker, 40 gurutzaontzi inguru porturatuko dira 2008an. Bilboko Portuak Getxon dituen instalazioetan 21 gurutzaontzi porturatu dira 2007an, eta 22.972 bidaiari etorri dira, hots, joan den urtean baino % 38 gehiago. Gurutzaontzirik luzeena Cunard konpainiako Queen Elizabeth 2 izan da, 293 metrokoa; tonaje gordinari, hau da, edukierari dagokionez, handiena RCCl konpainiako Milennium izan da, 90.228 G.T.koa (Gross Tonnage); Euskal Herriko kostaldera bidaiari gehien (2.190 turista) ekarri dituena, Sea Princess; eta, bigarren urtez jarraian, gurutzaontzi baten ibilbidearen hasiera eta amaiera izan da Bilboko Portua.
Datorren urtean aldaketa handia izango da bidaiari-etorreran. 2008an 40 gurutzaontzi inguru, hau da, 40.000 bidaiari inguru, porturatuko direla aurreikusten da. Otsailean hasi eta azaroan amaituko da denboraldia.
Gaur egun, Bilbok hartua du bere lekua gurutzaontzien konpainia nagusien ibilbidean. Fred Olsen konpainiak, esaterako, bere gurutzaontzietako zortzi ekartzea aurreikusi du; RCLL, Cunard eta P&O konpainiek, berriz, lau.
Ontziei dagokienez, bik lau eskala egingo dituzte: Fred Olseneko Black Watck, eta Queen Elizabeth II mitikoa, Cunard Lines armadorearena. Queen Elizabeth II ontziak datorren urtean amaituko du gurutzaontzi-bizia, eta, aurki, ur gaineko luxuzko hotela izango da, Dubain. Luzeran, RCCL konpainiako Constellation gurutzaontzia izango da handiena (294 metro); edukiera handienekoa, berriz, P&O konpainiako Ventura, 116.000 Gross Tonnagekoa (3.100 bidaiari).