Bilboko Portuko edukiontzi-zirkulazioa % 8 hazi da 2008ko urtarriletik irailera. 402.625 TEU, pisutan 4,2 milioi tona, mugitu dira guztira. Nabarmena izan da Indiatik ekarri edo Indiara bidali diren merkantzien gehikuntza; % 30 hazi da zirkulazioa, hain zuzen ere.
Edukiontzien % 39ren jatorria edo helburua Atlantikoko Europa da (% 4 hazi da); % 13rena, Ozeano Bareko Asia (% 0,5 hazi da); % 8rena, ipar Atlantikoko Amerika (% 4 murriztu da); eta % 5ena hego Pazifikoko Amerika (% 7 hazi da).
Hauek dira edukiontzietan garraiatzen diren merkantzia nagusiak: produktu siderurgikoak; merkantzia-hondarrak; eraikuntzako materialak; produktu kimikoak; ardoak, edariak eta alkoholak; makinak eta ordezko piezak.
Urtarriletik irailera bitartean 30 milioi tona pasatu dira Bilboko Portutik; hain zuzen ere, aurreko urteko epe berean baino % 2 gehiago. Edukiontzietako merkantzien zirkulazioa ez ezik, ontziratu gabeko merkantzia likidoen eta solidoen zirkulazioak ere hazi egin dira (% 3, biak ala biak).
Bilboko Portuko merkantzia nagusiak hauek dira: petrolio gordina, fuel-olioa, produktu siderurgikoak, gas naturala, gasolioa, txatarra, gasolina eta produktu kimikoak. Bolumen-gehikuntza handiena gas naturalaren garraioarena izan da (% 30), eta txatarrena ere nabarmena izan da (% 20).