Bilbon, 2007ko irailaren 27an. "Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan animaliak elikatzeko lehengaiak maneiatzeko eta biltegiratzeko higieneari buruzko eskuliburua" aurkezteko informazio-jardunaldia egin zuen Bilboko Portuko Agintaritzak irailaren 26an.
Agiri hori egiten modu aktiboan parte hartu dute Bilboko eta Pasaiako portuetako maneiatze- eta biltegiratze-enpresetako ordezkariek (Algeposa, Bergé Marítima eta S.L.P.), lehengai-inportatzaileek (Bunge eta Aguirre S.A.), ELIKAk (Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa) eta Bilboko Portuko Agintaritzak.
José Antonio Suso Pérez de Arenaza Elikagai Politika eta Industriako sailburuordeak eta Luis Gabiola Mendieta Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa eta Merkataritza Garapeneko zuzendariak eman zioten hasiera jardunaldiari.
Animalien elikaduraren sektoreko eragile ekonomikoentzat baliagarria da eskuliburu hori, Codex Alimentarius-ek eta pentsuen higieneari buruzko 183/2005 Araudiak ezarritako APPCC sistemaren printzipioak (Arriskuen Analisirako eta Puntu Kritikoen Kontrolerako Sistema) aplikatzen lagunduko baitie. Ekoizpen- eta biltegiratze-prozesu osoan zehar animalien elikagaien sektoreko operadoreek egin beharreko urrats logiko batzuk ematen dituzte printzipio horiek; urrats horiei jarraiki, arriskuen analisiaz baliatuz, zehaztu daiteke zer puntutan den ezinbestekoa kontrolak egitea elikagaiak kaltegarriak izan ez daitezen.
Eskuliburu honekin, APPCC (Arriskuen Analisirako eta Puntu Kritikoen Kontrolerako Sistema) autokontrolerako sistema zer den eta solteko landare-gaiak maneiatzeko eta biltegiratzeko enpresetan nola aplikatzen den ulertzen lagundu nahi zaie operadoreei.
Aurkezpen-ekitaldian, bestalde, zenbait higiene-betekizunen berri eman zuten; enpresa zamaketariek nahitaez bete behar dituzte betekizunok, biltegiratutako lehengaien kontrola bermatzeko eta, hala, fase horretan aldaketak gertatzea saihesteko. Ekitaldiaren amaieran, Bilboko Portuaren bisita gidatua egin zuten, animaliak elikatzeko lehengaiak dakartzan itsasontzi bat iristen denetik elikagai horiek bezeroari bidaltzen zaizkion arte egiten diren jarduerak ezagutzeko.