Bilboko Portuko Agintaritza zenbait armadore eta tour-operadorerekin jardun da Miamiko Seatrade Cruise Convention-en, munduko gurutzaontzi-azokarik garrantzitsuenean alegia. Elkarrizketa horiei esker, eskala berriak hitzartu ditugu 2010erako. Bileretan eta, oro har, azoka osoan, gurutzaontzietako bidaiariei eskaintzen zaizkien ibilaldiei buruzko xehetasunak eman dituzte Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariek, eta Euskadiko kultura- eta gastronomia-eskaintzaren berri ere eman dute.
Bestalde, CRUISE EUROPE elkarteko 110 kideek Miamin egin duten urteroko batzarrean ere izan dira Portuko Agintaritzako ordezkariak. CRUISE ATLANTIC EUROPE proiektua sustatzeko ere aprobetxatu dute azoka. Europako bost herrialdek eta zazpi portuk (Bilbokoaz gain) hartzen dute parte proiektu horretan, betiere gurutzaontzi-ibilbide berariazko bat sustatzeko xedearekin.
Hala, bada, gurutzaontzientzako portu nagusi bihurtzeko eta ahalegin komertzialarekin jarraitzen du Bilboko Portuak, hartara egonaldiak egun bat baino gehiagokoak izan daitezen. Bizkaiko turismoaren sektoreari onura handiak ekarriko lizkioke horrek.
35.000 bidaiari eraman ditzaketen hogeita hamar gurutzaldi-ontzi inguru porturatuko dira aurten Bilboko Portuan. Nabarmentzekoa da Queen Mary 2.a; izan ere, aurtengo udan, lehen aldiz izango da Euskadin. Hala, Cunard konpainiak beste behin egin du leku honen aldeko apustua bere “altxor” batekin, Queen Elizabeth 2.a erretiratu ostean; iaz, lau aldiz atrakatu zuen Bilbon bere agur-denboraldian.