Bilboko Portuko Logotipoa

Bilbo gurutzaontzien oinarri-portu izango da 2010etik aurrera

Iberocruceros ontzi-enpresak maiatzaren 24an ekingo dio jarduerari Getxoko terminalean, Grand Mistral ontziarekin. Kopenhagera egingo du bidaia ontziak.

Bilboko Itsas Portua, lehen aldiz, gurutzaontzien oinarri-portua izango da datorren urtean, Iberocruceros ontzi-enpresa ur horietan jarduten hasiko dela eta. Maiatzaren 24an hasiko du bere jarduera, Grand Mistral ontziarekin. 1.700 bidaiarirentzako lekua du ontziak, eta Kopenhageko portura (Danimarka) egingo du bidaia. Bidaiak sei egun iraungo du, eta Cherbourg-eko (Frantzia) eta Brujasko (Belgika) portuetan egingo du eskala. Ondoren, Kopenhage-Bilbo gurutzaontzia iritsiko da Getxoko terminalera. Danimarkako hiriburutik irtengo da abuztuaren 28an, eta zazpi egunetan ibilbide hau egingo du: Kopenhage, Ijmuiden-Amsterdam (Herbehereak), Brujas (Belgika), Le Havre (Frantzia) eta Bilbo.
Hurrengo bi irteerak, Bilbotik, irailaren 3an eta 10ean (ostirala) egingo ditu. Zortzi eguneko ibilbidea egingo du, eskalak Brujasen (Belgika), Ijmuiden-Amsterdamen (Herbehereak), Dover-Londresen (Britainia Handia) eta Honfleur-Parisen (Frantzia) egingo ditu, eta, ondoren, Bilbora itzuliko da.

Estatuko iparraldean bidaiari-merkatu potentzial handia dagoelako aukeratu du Iberocrucerosek Bilbo, gurutzaontzien oinarri-portua izateko; izan ere, 6.000 bezero izatea espero da.

Bidaiarien zerbitzua hobetzeko, itsas terminal mugikor berrerabilgarria eraikiko du Bilboko Portuko Agintaritzak Getxoko gurutzaontzien kaian; bi milioi euro ingurukoa izango da inbertsioa. Terminalak 1.000 metro karratu izango ditu, eta, hura egiteko, gai nobleak erabiliko ditu, hala nola altzairu herdoilgaitza, beira eta egurra. Gurutzaontzien kaiko itsas geltokiak ingurunearekin bat datorren kalitate-maila izatea da asmoa.


© Bilboko Portu Agintaritza
BILBOKO PORTU AGINTARITZA
Campo Volantín, 37 - 48007 Bilbao - Bizkaia
Tfnoa. 94 487 12 00 - Faxa 94 487 12 08
¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!