Bilbo da Queen Elizabeth II.ak eskala egiteko aukeratu duen portuetako bat, gurutzaontzi izateari behin betiko utzi, eta ur gaineko hotel bilakatu baino lehen. Gertakizun benetan historiko horrek nabarmen uzten du Euskadiren turismoa erakartzeko gaitasuna, eta gurutzaontzien konpainia handiengan pizten duen interesa. Cunard Line-ren gurutzaontzi hori bihar, urriaren 24an, ostirala, iritsiko da Getxoko nasara. Goizeko 06:30ean porturatuko da, eta arratsaldeko 18:00etan abiatuko da.
Cunard Line munduko ontzi-enpresarik zaharrena eta ospetsuenetako bat da. Izan ere, haren historia lotuta dago Ingalaterra eta AEBak XIX. mendearen erditik aurrera lotu izanarekin. Hain zuzen ere, Ozeano Atlantikoko bidaiarien garraioan nagusi izan zen 1950eko hamarkadan, aireko bidaiak arrunt bilakatzen hasi ziren arte. Ordutik, eta bereziki azken urteetan, gurutzaontzietan espezializatu da. Queen Elizabeth II.az gain, izen handiko beste hainbat transatlantiko nabarmendu behar dira haren flotan, esaterako, Queen Mary, munduko handiena, eta Queen Victoria, orain dela ia urtebete inauguratu zutena.
Ingalaterrako konpainia hori hamabost alditan izan da Bilbon 1999az geroztik, lau itsasontzirekin: Queen Elizabeth II, Royal Bikini Sun, Seabourne Legend eta Caronia. Guztira, 17.000 bidaiari baino gehiago ekarri ditu Bilbora, eta horietatik 14.000 Queen Elizabeth II.aren barruan etorri dira. Ontzi hori guztira bederatzi aldiz porturatu da Euskadin, eta horietatik lau aurten.
Queen Elizabeth II.a erretiratu ondoren, Cunard Line-k harreman estua izaten jarraituko du Bilborekin. Datorren urtean Queen Mary II.arekin eskala egitea aurreikusi duela iragarri du.
Bisita horrek Bizkaiko portuaren profila indartuko du gurutzaontzien gune gisa. Bilboko portuak, 2008. urtearen bukaerarako, ezaugarri horietako 39 ontzi jasoko ditu guztira; hortaz, 2007ko kopurua bikoiztuko du. Helburua, orain, instalazioak eta inguruko turismo-sustapena etengabe hobetzeko jarduera-ildoak mantentzea da, gurutzaontzietan nagusi izatea lortzeko.
Queen Elizabeth II.ak 1.900 bidaiarientzako lekua dauka, 294 metro luze eta 10 metro sakon da, eta 32 metroko erruna du. Bost jatetxe, bi kafetegi, hiru igerileku, pub bat, gaueko klub bat eta hainbat taberna ditu; baita zinema-aretoa, osasun- eta edertasun-kluba, liburutegia, informatikako gunea eta ospitalea ere. 2004an Queen Mary II.a uretaratu zen arte munduko azken transatlantiko handien gisa.
Urriaren 24an bisitatuko du Euskadi azken aldiz. Izan ere, azaroan ekingo dio, agur esanez, Dubairako bidaiari, eta han geratuko da behin betiko. Azaroaren 27an iritsiko da Dubaira.
Zazpi izarreko luxu handiko hotel gisa ateak ireki baino lehen, sakonki birgaituko dute, haren ekipamenduak erabilera berrira egokitzeko; baina hori bai, jatorrizko estiloa eta dekorazioa mantenduko dituzte. Berriztapen-lanetako bat museo bat egokitzea izango da; han erakutsiko da urratsez urrats itsasontziaren historia. Palm Jumeriah gunean geratuko da porturatuta, eta kai berezia izango du. Kai hori uharte artifiziala da, eta turismorako eta atsedenerako gune esklusibo gisa sortu dute. Izen handiko marken 25 hotel baino gehiago, hiru motatako etxeak, kostaldeko apartamenduen eraikinak, hondartzak, kirol-portuak, jatetxeak, kafetegiak eta txikizkako salmentarako tokiak izango ditu.
Queen Elizabeth II.a Ingalaterrako erreginak inauguratu zuen 1967ko irailean, eta itsasontzirik enblematikoena izan da Cunard Line munduko itsas enpresa zaharrenaren 168 urteko historian. Itsasontzia 1969an atera zen itsasora, munduari 25 bira eman dizkio, Ozeano Atlantikoa 800 aldiz baino gehiagotan gurutzatu du eta 2,5 milioi bidaiari baino gehiago garraiatu ditu. Bost milioi itsas milia baino gehiago nabigatu ditu, alegia, Ilargira 13 joan-etorri egitea bezalako distantzia.
“Ontzi ikusgarri” horretan bidaiatu dute Ingalaterrako errege-etxeko hainbat kidek, eta beste herrialde batzuetako errege-erreginek, hala nola Japoniako enperadoreak, Jordaniako erregeak eta Bruneiko sultanak. Politikari ezagunak —adibidez, Nelson Mandela, George Bush eta Shimon Peres— eta musikari, aktore eta zinemagile ospetsuak ere ibili dira Queen Elizabeth II.ean. (David Bowie, Charles Aznavour, George Harrison, Mick Jagger, Elton John, Rod Steward, Paul Newman, Julie Andrews, Rock Hudson, Richard Burton, Bill Cosby, Vincent Price, Christopher Reeve, Ginger Rogers, Sharon Stone, Meryl Streep, Telly Savalas, Burt Lancaster, Peter Sellers, John Travolta, Peter Ustinov, Natalie Wood eta Elizabeth Taylor, beste askoren artean).