Bilboko Portu Agintaritzak eta Estatu Batuetako Miami-Dadeko Dante B. Fascell portuak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, bi portuen arteko gurutzaontzi eta zama-ontzien trafikoa sustatzeko. Hitzarmena Miamiko Portuaren Senidetutako Portuen programaren aurrekontuei atxikitzen zaio.
Truke komertziala bultzatzeko asmoz, ekintza bateratuak aztertuko dituzte. Portu Senidetuen Batzarrean —bi urtez behin Miami-Dade konderrian ospatuko da— aktiboki parte hartzeko asmoa azaldu dute, programa horri atxikitako portuen lorpenak aztertzeko.
“Miami-Dadeko B. Fascell portuaren eta Bilboko Portu Agintaritzaren arteko Portu Senidetuen Nazioarteko Hitzarmena” da aipatutako dokumentuaren izena. Aurreko astean sinatu zuten Bilbon, alde batetik, Jose Angel Corresek eta Luis Gabiolak —Bilboko Portu Agintaritzako Lehendakariak, eta Operazioen eta Garapen Komertzialaren Zuzendariak, hurrenez hurren— eta, bestetik, Carlos Alvarezek —Miami-Dade konderriko alkateak—, Javier D. Soutok —konderriko ordezkaria— eta Bill Jonsonek —Miami-Dadeko Dante B Fascell portuko zuzendariak—.
Hitzarmenak zortzi puntu ditu (ikusi eranskina), eta haietan, lantalde teknikoak sortzeko, hezkuntza-bisitak trukatzeko, eta asmo oneko enbaxadore gisa jarduteko konpromisoa hartzen dute bi portuetako ordezkariek. Era berean, hitzarmenean jasotakoa praktikan jartzeko asmoz, bi alderdietako ordezkari-kopuru mugatu batez osatutako lantalde bat sortzeko interesa adierazten dute sinatzaileek. Hitzarmenaren arabera, Senidetutako Portuen Nazioarteko Akordioan lankidetza- eta elkartze-jarduera gehiago sar daitezke, bi alderdiek hala adosten badute.
Aurreko konpromiso horiez gain, portu bakoitzeko estatistikak eta karga-industriarekin eta gurutzaontzien industriarekin erlazionatutako informazioa trukatuko dituzte bi portuek. Era berean, bi portuek elkarrekin aztertuko dituzte portu-azpiegiturak garatzeko proiektuak, eta gurutzaontzien eta zama-ontzien trafikoa handitzera bideratutako merkatu-azterlan orokorrak.