Saltar a los contenidos

UPV/EHUk eta Bilboko Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmena berriztatu dute Bilboko portuko zaintza biologikorako

2011ko azaroaren 30an

UPV/EHUk eta Bilboko Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmena berriztatu dute Bilboko portuko zaintza biologikorako


1994tik jasotako datu biologikoen datu base zabalak Bilboko Abraren portuko uren flora eta faunak hobera egin duela islatzen du

UPV/EHUko errektorea

eta Bilboko portuko lehendakaria

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore Iñaki Goirizelaiak eta Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari José Ramón de la Fuentek lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute “Bilboko Portuko zaintza biologikoaren plana. 2011ko kanpaina” gauzatzeko.

Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean eta Zoologia eta Animalien Zelula Biologia Sailean egingo dira lanak, José María Gorostiagaren zuzendaritzapean.

Proiektua egitearen ordainetan, Bilboko Portuko Agintaritzak 86.106 euro ordainduko dizkio UPV/EHUri.

Helburuak

Hauek dira Zaintza Biologikoaren Planaren helburu nagusiak:

  • Portuko eta inguru hurbileko ekosistemaren une oroko egoera biologikoaren oinarri zientifiko zehatza ematea Bilboko Portuari.

  • Ingurumen-aholkularitza ematea, ahal den neurrian ingurumena errespetatzen duen jarduera-ildo bati jarraitu diezaion Portuko Agintaritzak. Beraz, Abrako ekosistemak izan litzakeen inpaktuak arintzeko balizko neurri zuzentzaileen berri emango dio Portuko Agintaritzari. Bestalde, portuko habitat berrietako (harri-lubetak, dikeak, kontradikeak eta kaiak) komunitate biologikoen eboluzioari buruzko informazioa emango dio.

  • Istripuek edo portuko askotariko jarduerek Abrako ekosisteman eragin litzaketen kalteak ebaluatzea. Jakintza zientifikoan oinarritutako informazio zehatza emateak alde batera utz ditzake egoera horietan itsas ekosisteman eragindako inpaktuei buruzko espekulazioak.

  • Abrako zaintza-estazioetako egoera ekologikoa (EcoQ) ebaluatzea Uraren Esparru Direktibaren (UED) jarraibideen arabera: eskatzen du asko aldatutako ur-masek (adibidez, portu-eremuetakoak) 2015ean gutxienez “potentzial ekologiko ona” lortzea. Helburu hori, lehen aldiz, 2010eko kanpainan ezarri zen.


Hemezortzi urteko lankidetza

“Bilboko Portuko zaintza biologikoko plana” 1994tik dago abian, eta haren helburua da Abrako hedatze-lanek —eraikuntza-fasean nahiz merkataritza-jardueretan bertan— ekosisteman eragin litzaketen aldaketak ebaluatzea eta kontrolatzea.

Plan hori martxan jarri zenetik, UPV/EHUk portu-eremuko eta Abraren gainerako lekuetako datu biologikoen (flora eta fauna bentonikoak) base zabal bat lortu du, espazio- (zaintza-estazio bateko eta besteko komunitate biologikoak konparatzea) eta denbora-diferentziak (urteko aldaketak) aztertuta. Informazio biologikoarekin batera, ingurune fisikoari buruzko informazio osagarria eman da (argia, gazitasuna, uhertasuna eta solido esekiak).