Bilboko Portuko Logotipoa

Ingurunearen arloko bestelako lankidetzak

Hiriaren eta portuaren artean sortzen den sinbiosiaren adibide gisa, Bilboko Portuko Agintaritzak 1,2 milioi euroko inbertsioa egin du SISZ (Su Itzaltze eta Salbamendu Foru Zerbitzua) zerbitzua baliabide materialez hornitzeko eta alor horretako trebakuntza berezia sustatzeko. Portuak emandako baliabideak Foru Aldundiaren esku egongo dira. Gainera, Bilboko porturako berariazko taldetzat balioko dute.

Hori guztia erakunde biek sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz lortu da, eta hitzarmen horren xedea da Bilboko Portuan gerta daitezkeen suteak eta bestelako hondamendiak prebenitzea eta horietan esku hartzea. Portuko Agintaritzak BUL ibilgailu misto kimikoa eta 2 kilometro luze den ur lerro mugikorra jarri ditu. SISZren esku egongo da material hori guztia, Urioste parkean; izan ere, hura da Santurtziko eta Zierbenako portuetako instalazioetatik hurbilen dagoena. Halaber, portuaren eremutik kanpora erabiliko dira, behar izanez gero.

SISZren trebakuntza plana ere finantzatuko da. Trebakuntza hori portuko esku hartzearen ingurukoa izango da. Bestalde, Foru Aldundiak Bilboko Portuan esku hartzeko talde gisa sartuko ditu suhiltzaileak, nork bere burua babesteko planean agertzen den moduan. Era berean, Portuko Agintaritzako langileei suteen aurka jarduten irakatsiko diete suhiltzaileek.

Horrez gain, Portuak elkarlanean dihardu Itsasoko Gurutze Gorriarekin. Boluntarioen elkarte horrek itsas salbamenduko lanak egiten ditu; oso lan garrantzitsua da nabigazioa seguruagoa izan dadin.

Kultura eta kirol ekintzak sustatzea

Inguruko kultura errealitatearekin duen lotura hurbilaren politikaren ildoan, Bilboko Portuko Agintaritzak ezin izan dio ezetzik esan hiriko kulturagune garrantzitsuenean parte hartzeari: Guggenheim Museoan parte hartzeari, alegia. Izan ere, Guggenheim Museoa da hiriko estetika berriaren egungo erreferentzia, eta Euskalduna Jauregiaren alboan eraiki dute, Portuko Agintaritzak emandako lurretan, hain zuzen ere.

Bilboko Portuko Agintaritza Bilboko Itsas Museoaren bazkide sortzaile da. Itsas Museoaren helburua da itsasoa eta itsasoko prozesu guztiak herritarrei hurbiltzea. Horretarako, areto didaktikoak ditu, txikienak parte hartzera bultzatzeko. Horrez gain, portuetako logistika ere ezagut daiteke, eta horri esker talde lana bultzatzen da batetik, eta portu hirietako errealitate soziala ezagut daiteke bestetik.

Era berean, Bilboko Portuak kirol eta kultura ekintzetarako laguntza ematen du. Ekintza horien bitartez, Bilboko portua bera ere promozionatzen da. Esate baterako, babesle izaten da estropadetan, edota parte hartzen du Bizkaia Bizkaialde Fundazioan, Gabonetan haurrentzako parkean jarri ohi duten portuaren standean. Parte hartzen du, halaber, ondareari buruzko Europako jardunaldietan.

Hezkuntza jarduerak

Portuaren inguruan egiten diren dibulgaziozko ekintzen baitan, Portuko Agintaritzak zenbait jarduera egin ohi ditu, ikasleei eta interesa duten profesionalei portuko logistikaren berri emateko. Duela sei urtez geroztik, Itsas Administrazioko Eskolak ematen duen itsas enpresak kudeatzeari buruzko izen handiko masterrean ere parte hartzen du.


© Bilboko Portu Agintaritza
BILBOKO PORTU AGINTARITZA
Campo Volantín, 37 - 48007 Bilbao - Bizkaia
Tfnoa. 94 487 12 00 - Faxa 94 487 12 08
¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!