Bilboko Portuko Logotipoa

Shortsea shipping

Bilboko Portuko trafiko erdien jatorria edo helmuga europar portuak dira, gehienak, fatxada atlantiarrekoak, hain zuzen ere. Bilboko Portuak trafiko hauetan daukan esperientzia luzeak, Short Sea Shipping –en erreferentziako gunean bihurtzen du, zerbitzu mota hauek eskaintzen dituzten ehun urte baino gehiagoko enpresekin eta oso ondo finkatuta dauden lineekin, hauetariko batzuk, hogeita hamar bai eta berrogei urtez etengabeko iharduera izan baitute.

2008an, Europa Atlantiarreko nazioekin -Espainia kenduz-, guztirako trafikoaren 16 miloi tona mugitu ziren. Nabarmentzekoak dira Errusia, %16az, Erresuma Batua, merkatuaren %7ko kuotaz, eta Holanda eta Behe-Nazioak, %3koaz.

Distantzia Laburreko Itsasoko Garraioa edo Shortsea shipping (SSS) salgaien eta bidaiarien garraioa da, Europar Batasuneko portuen artean egiten dena, edo portu horien eta Mediterraneoaren, Itsaso Beltzaren eta Baltikoaren itsasertzeetan dauden eta Europakoak ez diren herrialdeetako portuen artean, eta Norvegia eta Islandia artean.

2001. urtetik, Europako Batzordea, hainbat azterketa eta programa abian jarrita, ahalegin ekonomikoa egiten ari da itsasoko garraio mota hori bultzatzeko, salgaiak errepide bidez garraiatzeko modu tradizionalaren aldean abantaila asko baititu.

Europara doazen salgaiak igarotzeko Pirinioak oztopo naturala dira, eta horri ekonomiarekin eta ingurumenarekin zerikusia duten faktoreak gehitu behar zaizkio: Biriatuko igarobidean sortzen den kolapsoa, errepideetan autoak pilatzearen ondorioz, salgaiak atzerapenarekin iristea, garraiolariek ordaindu behar dituzten bidesari garestiak, urteko ia 18.000 eurotara iristen direnak, eta ibilgailuek ingurumenari egiten dioten kaltea izan dira Europar Batasuna garraio mota desberdinak erabiltzeko ahalegina egitera eraman duten faktoreetako batzuk.

Distantzia laburreko itsasoko trafikoa, batetik, lift on lift off (Lo-Lo) karga sistema tradizionalaren bidez egin daiteke, hau da, salgaiak garabiak erabiliz ontziratu daitezke; bestetik, roll on roll off (Ro-Ro) sistema ere erabil daiteke. Sistema hori salgaiak buru traktoreekin edo kamioiekin itsasontzira igotzean datza. Horrenbestez, portuak arrapalak izan behar ditu salgaiak itsasontzira sartu ahal izateko.

Jakina denez, salgaiak zuzen bidaltzeko, entrega-epe hoberenak lortzeko eta lehorreko garraioarekin baino kostu txikiagoak izateko, beharrezkoa da baldintza batzuk betetzea, irteera portuaren ezaugarri teknikoei dagokionez. Bilboko Portuak kokapen estrategikoa, trafiko asko eta komunikazio-sare bikaina dituelako, merkataritza mota horretarako egokiak diren baldintza guztiak betetzen ditu. Horrez gain, portuko azpiegitura berrietan kai eta sakonera egokiak ezarri dira, aduana eta administrazio tratamendu bereziarekin. Gainera, ekipamenduaren barruan portainer garabiak eta galtzada bikoitzeko Ro-Ro arrapalak daude, itsasoko zerbitzuetarako bereziak direnak. Horiei esker, astero gutxienez Lo-Lo bat eta bi Ro-Ro ateratzen dira. Horrela, SSS linea baten bideragarritasuna bermatzeko Europako eskakizunak ongi baino hobeto betetzen dira.

Hori dela eta, Bilboko Portua enklabe ezin hobea da distantzia laburreko itsasoko trafikoentzat, Atlantiar Arkua deiturikoan dauden herrialdeetatik datozenentzat edo horietara doazenentzat. Horrelakoetan Bilbao aitzindaria da jada Lo-Lo trafikoekin. Gaur egun, Short Sea Shipping-ak trafikoaren erdia hartzen duela, eta Arku Atlantiarrean mugitzen den bolumena 14,5 milioi tonakoa dela kontuan hartuta, Portuko Agintaritzak 35,57 milioiko inbertsioa egin du bereziki Ro-Ro trafikoentzat diren azpiegiturak eraikitzeko, gure SSS trafiko kuota hobetu dadin. Horretarako, salgaiak arin sartzen eta ateratzen direla ziurtatuko duen komunikazio-sistema hoberena bermatu behar da.

Shortsea shipping

Estatistiken arabera, salgaien trafikoaren %45a Europako herrialdeetatik dator edo horietara doa. 17 milioi tona horiek itsasoko trafikora bideratuz gero, ibilgailuen trafikoa arinduko litzateke, 836.000 kamioi gutxiago beharko bailirateke. Hori da lortu nahi dugun trafiko mota oinarrizkoenetakoa.


© Bilboko Portu Agintaritza
BILBOKO PORTU AGINTARITZA
Campo Volantín, 37 - 48007 Bilbao - Bizkaia
Tfnoa. 94 487 12 00 - Faxa 94 487 12 08
¡XHTML 1.0 transicional válido!
¡CSS válido!