
Itsasora irteerarik izan gabe, garraio azpiegiturak dituen industrialdeari deitzen zaio portu lehor. Terminal intermodalak dituzte, eurekin lotuta dauden itsasoko portuetara produktuak arinago irits daitezen.
Bilboko Portu Agintaritzak %7ko parte-hartzea du Azuqueca de Henaresko portu lehorrean. “Corredor Industrial del Henares” deituriko eremuan dago, Madril eta Guadalajara arteko garapen-gunerik garrantzitsuenetako batean. Madrilgo portu lehorrean, Cosladan ere %11,5ko parte-hartzea du, eta Villafrían (Burgosen) dagoen portu lehor bat ezartzea sustatzen ari den elkarte batean ere parte hartzen du.
Trafikorik garrantzitsuena Azuqueca de Henaresko portu lehorrean egiten da. Astero lau tren ibiltzen dira joan-etorrian poligono eta Bilboko Portuaren artean.
Bestalde, 2004ko martxoan Bilboko Portu Agintaritzak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Plataforma de Logística de Zaragoza elkartearekin (PLAZArekin), interes bereko jarduera logistikoak eta portuko jarduerak elkarrekin aurrera eramateko.