Saltar a los contenidos

Logistika-eskaintza zabala

Bilboko Portua Espainia eta Europa arteko komunikazio-bide bikaina da, malgua eta dinamikoa. Mota guztietako ontziak eta merkantziak hartzeko gai da, eta zerbitzu espezializatua ematen du zirkulazio-mota guztietarako. e-puertobilbao plataforma elektroniko modernoa, gainera, bide azkarrena eta arinena da merkantzien kudeaketa modu ordenatuan eta eraginkorrean egiteko.

Bilboko portuaren zabalkuntzako gunea

Bilboko portuaren zabalkuntzako gunea

Operadore logistiko handiei begira, portuko instalazioek ekipamendu osatua dute ro-ro eta lo-lo bidalketak egiteko: 2 etengabeko kargatzaile, 5 ro-ro arrapala eta kargatzeko eta deskargatzeko instalazio bereziak. Horiez gain, 10 edukiontzi-garabi, 16 trastainer garabi, 56 portale-garabi eta 2 zubi-garabi daude.

Portuak puntu batzuetan 32 m-ko sakonera duenez, egokia da ontzi handiak porturatzeko. Nabarmentzekoak dira kaiak dituen 17 km-ak eta merkantziak gordetzeko dagoen eremu zabala: 250.000 m² baino gehiago estalita, 30.000 m2 gordailu frankoetarako eta 25.300 m² hozkailu-biltegietarako.

Instalazioaren azalera, guztira, 350 hektareakoa da lurrean eta ia 1.700 hektareakoa uretan. Instalazio bereziak daude merkantzia bakoitzerako: merkantzia orokorrak, edukiontziak, ontziratu gabekoak (bai solidoak, bai likidoak), barazkiak eta frutak eta automobilak.

Bilboko Portuak duen itsas zerbitzuen eskaintza zabalak erraztu egiten du nazioarteko merkatuetara sartzea.

Zirkulazio guztien arintasuna areagotu egiten da Bilboko Portua Espainiako eta Europako errepide- eta trenbide-sare garrantzitsuekin lotzen dituen konexiogune intermodalei esker. Alde batetik, zuzenean komunikatzen da ekonomikoki etengabe garatzen ari diren hinterland-ekin, eta, bestetik, Azuqueca de Henares, Coslada eta Burgosko Villafría-ko portu lehorrekin.

Portuak, gainera, kamioientzako aparkaleku zabala du, Aparcabisak kudeatuta, eta zenbait zerbitzu eskaintzen ditu. Halaber, 4.500 ibilgailuko edukiera duen automobilen terminala dago; hor gordetzen dira itsasontziz dagokien helburura bidaltzeko zain dauden ibilgailuak. Erabiltzaileen eskaerak betetzeko, portuan gordailu franko bat dago Santurtziko Victoria Erreginaren kaian. London Metal Exchange erakundeak onartutakoa da, eta 11 biltegi polibalente ditu makinaria osagarri modernoenarekin.

Bilboko Portuak gai galkorren terminala ere badu, Bilbao Atlantico Frío Terminal delakoa. Guztiz automatizatua dago, eta paletak aurkitzeko sistema du. Produktuak Txinatik eta Hegoafrikatik zuzenean inportatzeko aukera eskaintzen du, konexio ezin hobeak baititu hango portuekin. Zenbatetsi da terminal horretan 12.000 palet igarotzen direla urtean.

Bidaiariak garraiatzeko, berriz, Bilboko Portuak ferry-zerbitzu bat eskaintzen du Portsmouth-era (Ingalaterra).

Halaber, azken urteetan Bilboko Portuan eskala egiten duten itsas bidaiak ugaritu direla kontuan hartuta, Espainiara itsasoz datorren turismoaren sarbidea izan nahi du Portuak.