Bizkaiko Golkoaren zentroan, Bilboko Portuak sarrera erraza, seinalatze-sistema bikaina, maniobratzeko aukera eta zerbitzu berri-berriak eskaintzen ditu.
Itsasontzi baten kaskoa
Bilboko Portuko sarrera Punta Lucero dikearen (2.488 metro luze) eta Punta Galea dikearen ur gaineko puntaren artean dago. Bostehun metro zabal da, 32 metroko sakonera du, eta NW orientazioa. Horregatik, ontziek portura sartzeko norabideak SE izan behar du.
Bokalea pasatu ondoren, ontziek 120 graduko norabidea hartu behar dute eta, gutxi gorabehera, bi miliaz eutsi, Zierbenako dikearen muturrak adierazten duen boia nagusia saihesteko; ondoren, 145 graduko norabidea izan behar dute, milia batez, Santurtziko kontrol-dorrearen eta Arriluzeko olatu-hormaren artetik pasatzeko.
Praktiko Zerbitzua nahitaezkoa da 500 GT baino gehiagoko ontzientzat, portura sartzeko eta irteteko. Sarrerakoa eskatzeko, VHFko 12. kanalarekin harremanetan jarri behar da, portura iritsi baino gutxienez ordubete lehenago. Ontzia sarreratik bi miliara dagoela ontziratzen da praktikoa. Sarrera eta irteerarekin lotutako komunikazioetarako, VHFren 6. kanala erabiltzen da.
Itsasontzi bat, edozein arrazoi dela medio, ezin bada portura sartu, Praktiko Zerbitzuak argibideak emango dizkio, portu-kanpoaldeko lekuren batean ainguratzeko.
Salgai solte arriskutsuen terminalean atrakatzen duten ontziek atoiak izan behar dituzte nahitaez. Bestela, kapitainak agintzen du, praktikoaren aholkuak entzun eta gero, atoiak erabiltzeko.