Espainiako lehorreko portuak
Geroz eta lehorreko portu gehiago dituen sareak balio handia eransten dio Bilboko Portuari. Itsasorako irteerarik ez baina garraiorako azpiegiturak dituzten eremuak dira lehorreko portuak, eta terminal intermodal gisara eratzen dira, lotura duten itsas portuetara beren produktuak errazago iristeko.
Bilboko Portua, Bordeletik Zaragozara, Tolosara eta Madrilera hedatzen den sarearen itsasoko irteera izateaz gain, Henareseko industria-korridorean —Madril eta Guadalajara bitarteko industria-ardatz handian— dagoen Azuquecako Lehorreko Portuko kide da (partaidetzaren % 7 du), bai eta Madrileko Cosladako Lehorreko Portuko eta Villafríako (Burgos) Lehorreko Portuaren sozietate sustatzailekoa ere (partaidetzaren % 11,5 du).
Gaur egun, astean behin lotzen dira trenez Bilboko Portua eta Azuqueca de Henares eta Cosladako lehorreko portuak.
2010ean, Portuko Agintaritzak aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu eremu logistikoetan gehiago jarduteko eta tren bidezko garraioa sustatzeko. Pancorboko (Burgos) El Prado industrialdean trenbideko eta itsasoko garraioa lotzen dituen terminal logistikoa (TELOF) sortzeko proiektua onartu zuen administrazio-kontseiluak. Bilboko Portuko Agintaritza izango da proiektuaren buru. Hala, portuko jardueren izaera logistikoa bermatuko da, eta sortzen duten zirkulazioa Bilboko portuaren bidez egiten dela ziurtatuko da. 2012an da abian jartzekoa proiektua.
Administrazio-kontseiluak hartutako beste erabaki bat honako hau dugu: kapitala handitzea eta Servicios Integrales Vitoria Depot sozeitatearen % 43ko partaidetza erostea. Sozietate horren bidez dihardu Jundizen BAPek. Euskadiko plataforma logistiko handiena izatekoa den zentro horretan, anezka-trenen zerbitzua du Bilboko portuak.